Dispositiboen iraultza?

Eskoletan, dispositiboen eztabaida puri-purian daukagu. Zein da egokiena? PC-ak., tabletak, chromebookak? Blog honetan software librearen aldeko apostua egiten dut baina beste plataforma batzuk erabiltzen dira eskoletan eta hori ukaezina da. Ikusten da hezkuntzaren arloa oso interesekoa dela konpainia handientzat, eta bai Google eta bai Microsoft bide horretan ahaleginak egiten ari direla.
Bada, ematen du, Googlek apostu gogorra egin behar duela, bere chromebook dispositiboekin. Probatzeko aukera eduki dut eta tresna interesgarriak iruditzen zaizkit (batez ere prezioarengatik) baina motz geratzen dira gauza asko egiteko. Orain arte behintzat dena (edo ia dena) online egiteko pentsatua zeuden. Ematen du orain Googlek beste bultzada bat eman nahi diela eta ChromeOs eta Androiden arteko konbergentzia bilatuko duela. Irakurri dudanez Google Playko aplikazioak Chromebooketan exekutatzeko aukera egongo da. Honek aukera zabalak ekarriko ditu eta Google beste plataformen aurretik jarri dezake (Google Apps for Educationekin egin zuen moduan).
Komunitateak beti bezela lana egin du eta chromebooketan Ubuntu abiaraztea lortu dute. Hala egin dut nik eskolan daukagun chromebookarekin eta prozesu ez oso erraz baten ostean funtzionatzen jarri dut. Hala ere, ez du ematen edozein pertsonak erraz egiteko moduko lana denik (momentuz behintzat).
Canonical (Ubunturen sustatzailea) aspaldi dabil tablet eta ordenagailuen arteko sistema eragilea sortu nahian eta dagoeneko BQ-k tablet bat ere kalera atera du zeinetan teklatua eta sagua konektatzean mahaiganeko Ubuntu bihurtzen den. Microsoften Surface hibridoak ere agertu dira (prezio oso altuan hori bai). Bestalde Windows eta Android duten tablet/hibrido txinatarrak ere oso prezio onean topatu daitezke eta hauetan Linux distribuzioa instalatzeko aukera ere badago. Hemen ikusi dezakezue bideo bat. Modelo hori adibidez 250€ inguruan dago, baina txinatarra izanik eskolak erosteko arazoak izan ditzake.



Ematen du dispositiboen munduan iraultza datorrela. Ikusiko dugu zein den etorkizuna baina argi dago gauzak mugitzen ari direla.

Iruzkinak

  1. Bost minutuko esperientzia dut Chromebook batekin. Aitortu behar dut ez dudala ongi ezagutzen. Hori esanda eskoletarako ez zait iruditzen aukera interesgarria (etxeetarako denden erretiratu dituzte erosleen %40 bueltatzen zuelako). Zergatik?
    Behartzen gaitu dena online egiten, eta horrek batetik ezinezkoa da ikastetxe publikoek duten konektibitatearekin eta, bestetik, onlineko hornitzaileek esku uzten gaitu.
    Google anai handiarekin logeatuko genuke irakasle eta ikasleak. Ezin konpartitu dokumentuak sare lokalean. Ezin aplikazio lokalak erabili testuak, irudiak, musika eta abar editatzeko.
    Merkea? 250-300 inguru dabiltza -GoogleAppsen lizentziarik gabe-. 200€tan baduzu 32GBeko SSD diskoa duten portatil arinak, non behin sistema jarrita 15-20GB geratzen zaizkizu /home karpetan gauzak gordetzeko (eskolako erabilerarako nahikoa). Era berean prezio horretan duzu BQren Ubuntu tableta teklatua konektatzen duzunean automatikoki desktop ingurunea hartzen duena.
    Laburbiltzen Linuxek eskaintzen duen askatasunarekin Chromebooka baino aukera interesgarriagoak daude.

    ErantzunEzabatu
  2. Ados! Baina errealitatea da eskola askotan egiten ari den hautua dela. Niri ere iruditzen zait aukera askoz interesgarriagoak daudela baina errealitatea bestelakoa da eta aipatu beharra dagoela uste dut.

    ErantzunEzabatu
  3. Gure ikastetxean Chromebook-ak aukeratu ditugu merkeenak direlako, ez erosketa garaian, epe baten barruan baizik. Esaten duzuen guztiarekin guztiz ados, baina Chromebooken "sistemen administrazioa" burutzea oso oso oso merkea eta erosoa da.

    Gaur egun Trisquel erabiltzen dut, software librezale amorratua beraz, eta gustura asko botako nuke Google pikutara, baina ekonomikoki begiratuta Chromebook-en aukera hor dago... Bigarren hezkuntzako Eskola 2.0 guztiak Ubunturekin dauzkagu, eta kudeaketa arin bat egiteko Ansible probatzeko gaude, baina oraindik ez dugu beharrik izan. Datu interesgarri bat: 9 hilabete Ubunturekin, 0 inzidentzia.

    Oraindik Ubunturen Unity berria ez dago prest eskola erabilerarako, nire ustez (eta ARM arkitektura izanik, begiratu egin behar zein programa dauden erabilgarri). BQ-ren aurresalmenta horietan Ubuntu Phone-a erosi nuen eta saltzen amaitu dut. Ea zer eskaintzen diguten 16.10-etik aurrera...

    Bestalde, erosketa masibo bat egiteko garantia egoki batekin ez dago prozesua erraztuko duen Linux eramangarri hornitzailerik gaur egun. Nire esperantza da Ubuntuk aurrerago hezkuntzan sarrera serio bat egingo duela da...

    Amaitzen joateko, onartu behar dut ausardia falta ere egongo dela. Nire aldetik gustura egingo nuke jauzia, baina ulertuko duzuen bezala, erabakia ez da soilik nirea eta beste inork hartu ez duen aukera hartzeak beldurtu egiten du ikastetxe bat.

    Eskola publikoan eta politikarietatik hasita, Windows alde batera uzteko borondatea ere ez da ikusten (edo microsoftengandik politikarien poltsikora dirurik ez eramatekoa). Irakasle.net-eko posta sistema berritu dute, eta berriz ere Microsoft-ekin egin dute...

    ErantzunEzabatu

Argitaratu iruzkina

Blog honetako argitalpen ezagunak

Arduino eta erreleak

Moodle eta errubrikak

OBS: pantaila grabatzeko programa